eu | es | fr
Oriako Limousin txirrindulari Taldea

Aurreko asteburu honetan ere batetik bestera ibili dira gure txirrindulariak lehian.

Gazteenak Asteasuko herrigunean dagoen ibilbideari itzuliak eman eta eman aritu ziren. Ibilbide honek baditu bere zailtasun teknikoak eta toki aproposa izaten da txirrindulari gazteenek beraien trebetasunak lantzeko, nahiz eta tarteka erorikoren bat edo beste ere izaten den. HemenSAILKAPENAK, Jon Lizarribarrek ateratako ARGAZKIAK, Aitor Amutxastegik utzitako ARGAZKIAK, Ainhoa Irazustak Facebooken jarritako ARGAZKIAK eta 28 kanaleko Amaiak prestatuko BIDEOA.

 

Kadeteak berriz, bananduta aritu dira aurreko asteburu honetan Gaztetxoen sarirako puntuagarriak diren lasterketetan. Bigarren urtekoak Bergaran zuten lasterketa eta han ziren Oriako-Limousin taldeko Xabier Contreras eta Mattin Salbarredi. Hemen SAILKAPENAK eta Andoaingo Txirrindulari Eskolak utzitako ARGAZKIAK.

 

Lehen urteko kadeteak Iruñara jo zuten. Aitor Irazuk kontatu dizkigu bertako gorabeherak; "Zalantzarik gabe, denboraldiko lasterketarik gogorrena izan zen, ibilbide zaila, gorabeheratsua eta amaieran 600 metrotako aldapa ...". Hasera batean 20 bat laguneko taldeak aurrera jo zuela esan digu Irazuk: "Talde horretan sartu ginen Oriako-Limousineko hirurak, baina aurrerago, atzetik zetozen beste taldetxo batek harrapatu egin zigun eta taldea dezente handitu zen". Azkenean bi lagun heldu ziren helmugara ihes eginda. Aitor Irazu 11. izan zen eta Andoni Urbieta 21. Asier Arozenak zulaketa izan zuen, "Lastima izan zen hau, izan ere, taldeko hirugarren bat aurrean izanda taldekako sailkapenean aukera handiak genituen" gogoratuarazi digu Irazuk. Hemen SAILKAPENAK eta Jon Lizarribarrek ateratako ARGAZKIAK.

 

Azkenik, Junior mailakoak, Oriako Txirrindulari Eskolak urtero antolatzen duen, M.Oiartzabal eta A.Urkolaren oroimenezko XXIX. edizioa izan zuten Anoetan. Lasterketa barruan egon zen Beñat Salbarredik eman dizkigu bertako xehetasunak: "Joan den Igandean txirrindulari juniorren proba egin genuen Anoetan, bertako festak zirela eta. Lasterketa hasieran zenbait ikusle gerturatu ziren irteerara, gurasoak ziren gehienak, baina baziren zikloturista eta gaupasa egindako zenbait gazte ere, ikusmina zuten nonbait, ez da gutxiagorako,  82Km-ko ibilbide gorabeheratsua baigenuen aurretik, Altzoko gaina bi aldiz eta Orendaingoa behin igoz.
Erritmo bizia ezarri zuen pelotoiak hasiera-hasieratik, eta horrek ihesaldiak sortzea zaildu zuen; halere, gure taldeko Jon Madariaga diferentzia txiki batekin iritsi zen Altzoko igoeraren magalera, eta gaina lehen postuan igarotzea lortu zuen, bukaeran  mendiko sailkapena irabazten lagunduko ziona: Zorionak Jon!!
Pelotoian berriz, bi talde sortu ziren Altzo igo ondoren, nik ez nuen aurrekoan sartzea lortu eta gogor tira behar izan genuen Legorreta bitartean.
Legorretan berriz bildu ziren bi taldeak, baina behin Orendain igotzen hasi ginenean bakoitzak ahal zuen moduan igo zuen, eta hortik aurrera etapa erabat hautsi zen.
Lasterketa Alex Aranburuk irabazi zuen, Pello Olaberria eta Julen Irizar atzetik zituela, hurrenez hurren. Bestalde, aipatzekoa Limousin taldeak eginiko lana karrera osoan zehar, eta baita bertako Mikel Matxinea eta Jon Madariagaren postuak ere, biek lehen hamabost postuetan sartzea lortu baizuten."

 

Hemen SAILKAPENAK eta Juan Luis Juarezen ARGAZKIAK